BASERRIAK SOS

Covid-19ari aurre egiteko hartutako erabakiek haustura soziala areagotuko dituzte hurrengo hilabeteetan eta datorkigun errealitatearen aurrean berriro ere hankamotz topatuko dugu baserri txikien ekoizpen eredua.

Ikusi dugu egunotan distribuzio kate handiek euren merkatu kuota esponentzialki handitu dutela (lankidetza sistema deitu diote eskuak lotuta beraiengana jo duten baserritarren kalitate goreneko elikagaiak merkatu basatiko prezioetan erosteari), horren ondorioz elikadura enpresa handiak orain arte baserritar txikiek bete duten esparruetan sartu dira, horretarako izana ez duten izendapen andana erabiliz. Eta gutxi ez balitz, hainbat asteetan herri merkatuak debekatu zizkiguten gaur egun ulergaitzak diren osasun argudioak medio.

Eta baserritar txikioei ? Ze bide utzi digute bizirik jarraitu ahal izateko? Handitu, gure izaera galdu eta euren modura izan, ala hil ?

Hori gertatzen baita sektore bati bere jatorrizko funtzionalitate sozialaz biluzten dugunean eta turismoa eta folklorea alaitzeko osagarri bihurtzen dugunean. Turismo eta folklore egon ezean bere esentzialtasuna galtzen duela eta ganbaran gorde behar den apaingarria besterik ez dela, esentziala zer den eta zer ez erabaki dutenentzat.

Ez da berri, aurreko batean aipatua izan da osasun krisi honek ispiluaren efektua besterik ez duela izan, aurre aurrean jarri diguten islada izan da eta bertan gure gabezi guztiak agerian gelditu dira.

Paradoxikoki egoera honetara eraman gaituen elikadura eredua izango da -administrazioak eta lehenengo sektoreko hainbat eragile lagun dutelarik- hemendik indartuta aterako dena, zuzentzeko ezer ez badugu egiten.

Zorionez, ispilu horrek, bestelako irudi batzuk ere bueltatu dizkigu ere. Merkatuak berriro zabaltzeko mobilizazioarenak, salbuespenera egokitzeko bide berrien bidez bere kontsumoa kanalizatu duten milaka familiena, euren babesa eta laguntza helarazi digutena… Baina ez da lozorroan gelditzeko unea. Betiko moduan, dena bere esku duen horrek itxoitea besterik ez du egin behar. Nekeak sortutako inertziek dena bere bidera eraman arte.

Hau da tokatu zaigun bidea, etengabeko mobilizazioarena.

Elikadura osasungarria, elikagarria eta eskuragarriaren bidean jarraitu dezagun. Jarraitu dezagun sistema basatiari alternatibak eraikitzen eta lantzen. Jarraitu bidean gurekin, ez gaitzazue bakarrik utz. Denok batera lortuko dugulako mehatxua dena herri ekimenen indartze eta ahalduntzerako aukera bihurtzen.

Comparte / Partekatu:
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  

Deja un comentario