Zer ekoiztu erabakitzeko, zelan banandu erabakitzeko

Zer ekoiztu erabakitzeko, zelan banandu erabakitzeko

Agroekologiaren bidean aritzen garen baserritarrok, eta pentsatzen dut baita ere gure inguruan zaudetenok, zuen etxeak guk ekoiztutakoarekin elikatzen duzuenok, etengabeko auto-azterketa batean murgilduta gaude.

“Beste aldetik” heltzen zaizkigun mezuak hain dira zuzenak eta jarraituak non ez diguten uzten lasaitzeko astirik.

Zergatik jaso lepoan ekoizpenaren arlo guztiak?

Hortxe badaude komertzial, integradora, albaitari, eta abar luze bat guk baino, nola ez, gure lanaz askoz gehiago dakitela pentsatzen dutenak eta gure bizitza askoz errazago  egiteko prest daudenak.

Zergatik talde batean antolatzeko ardura hartu, kontsumoaren planifikazioa egin, otzara jasotzeko lana bete?

Hortxe badaude merkatal zentro handiak, geroz eta gertuago eta orain produktu ekologiko eskaintza zabala dutenak gainera, hauek ere gure bizitza errazteko asmoz.


Holakoak pentsa ditzake ez-jakitunak behi esnetako iragarkietako baserritar zoriontsuak ikustean, hala, telesaioetako protagonistak euren gidoitutako bizitzetako merkatal gunea ardatza bihurtuta.

Senak esaten digu gurea dela bide zuzena, baina lantzean behin ondo dago senak esandakoa pisuzko arrazoiaz jantzi, “beste aldekoak”  trebeak direlako ere norberak mugiezin eta oinarrizko printzipiotzat dauzkana manipulatzen.

Zergatik gaude beraz, batzuk ekoizten eta beste batzuk ekoizpena honen emaitza jasotzen, kontsumo talde batean?  

Elikaduraren gaineko erabakien jabe izan nahi dugulako.

Etxean gauzak aurkitu ditugun moduan edota aurkitutako baino hobeto utzi behar direla erakutsi zigutelako. Nekazaritza iraunkorra nahi dugulako gaude kontsumo talde batean.

Sistemak eskaintzen dizkigun produktu aseptikoetatik haratago benetako elikagaiak nahi ditugulako. Elikagaia izateko elikagarri eta osasungarria izan behar delako gaude kontsumo talde batean.

Milaka urteko kultura baten jakinduriaz edaten duen ekoizpen eredua babestu nahi dugulako gaude kontsumo talde batean.

Elikadura merkatuko baloreen kanpo nahi dugulako, eskubidea dena ezin delako merkantzia moduan jorratu pentsatzen dugulako, gure behar basikoenetan ere kapitalak merkatu-hobia sortzen ikusteaz nazkatu garelako gaude kontsumo talde batean.

Finean, Argalaren hitzak maileguan hartuta, zer ekoiztu, eta ekoizpena honen emaitza zelan banandu erabakitzeko gaude  kontsumo talde batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

ocho − ocho =